Etorkizuneko enplegu-politikak
Euskadin
2017-2020 aldirako Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programak Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren eskema orokorra eta helburu estrategiko nagusiak biltzen ditu, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian finkatutako ildoei jarraituz.
2017-2020rako Esparru Programaren giltzak honako hauek dira:
- Enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko estrategia integral bat, 8,8 mila milioi euroz hornitua, langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea lortzeko.
- Enplegu-plan zehatz bat, prestakuntza, ekintzailetza eta laneratzea sustatzeko.
- Gazteen artean enplegua laguntzeko ildo espezifiko bat martxan jartzea, 20.000 gazteri lan-aukerak eskaintzeko.
- Urtean aurrekontuaren % 5eko igoera I+G+b-rako.
- Euskal enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko babes osoa.
- RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia garatzea, Euskadi Europan berrikuntzaren arloko puntako eskualde gisa sendotzeko.
- industria-iraultzaren aldeko apustua egitea, Euskadiko garapen ekonomikorako motor gisa.
- EAEko ETEen trantsizio digitala bultzatzea, Euskal Agenda Digitala estrategia garatuz 1.500 enpresa modernizatu eta digital bihurtzeko.
- Lantokietan txandakako prestakuntzaren eta lanbide-heziketaren aldeko apustua egitea.
- Enplegu publikoa berritzea eta sendotzea, aurreikusten den erretiro-egoerari erantzunda.
Nafarroan
Enplegu gehiago, kalitate handiagokoak, enplegagarritasuna hobetzea, aukera-berdintasuna –gizarteratze-laneratzea–: horra 2016-2019 aldirako Nafarroako Enplegu Planean jasotako lau ardatz estrategikoak. Horri bosgarren helburu bat eransten zaio: Nafarroako Enplegu Zerbitzua (SNE-NL) eraldatzea, arreta pertsonalizatuagoa eman eta urtean 15.000 lagunen jarraipena egin ahal izateko.
Nafarroako Gobernuak parte-hartze prozesu bat jarri du abian, gizarte, politika eta ekonomiaren arloko eragileekin akordioak egiteko asmoz. Horren emaitza gisa, etorkizuneko 2017-2020 aldirako Enplegu Politika Aktiboen Planaren inguruko aurreakordio bat lortu da. Honako hauek dira akordioaren alderdi esanguratsuenak:
- Pertsona-taldeen eta sektoreen malgutasunean eta segmentazioan oinarritutako ikuspegi berri bat ezartzea.
- 55 urtetik gorakoen iraupen luzeko langabeziaren kontrako neurriak indartzea, baita gazteen langabeziaren kontrakoak ere.
- Kalitatezko etengabeko prestakuntza, prestakuntza- eta enplegu-programa mistoak edo enplegagarritasun-ibilbideak, askotariko populazio-sektore eta -kategorietara egokituak.
- Langabetuentzako orientazio integrala indartzea edo enplegagarritasuna hobetzea (SNE-NLren eta elkarlan-erakundeen sarearen langile kualifikatuentzako prestakuntza-plana).
- Lan-baldintzak hobetzea: ekintzailetza eta indartzen ari diren sektoreak sustatzea; ekintzailetza edo autoenplegua aitortzea; eta enpresen lehiakortasuna indartzea.
- Enpleguaren eremuan tratu-berdintasuna eta bazterkeriaren kontrakoa bermatzea.
- Gizarte-ekonomiak enpleguaren hazkuntzan duen eragina aitortzeko neurriak.
- SNE-NL zerbitzu publikoaren eginkizuna mordernizatzea eta indartzea, elkarlan publiko-pribatuaren bidez.
Akitania Berrian
Akitania Berria eskualdeak 2017ko ekainaren 26an orientazio-, prestakuntza- eta enplegu-politiken inguruko ekintza-plan bat onartu zuen. Plan horrek honako 4 ardatz hauek ditu:
- Lan-bizitzako aro bakoitzeko orientazioari lehentasuna ematea: helburua pertsona guztiei prestakuntza- eta lan-ibilbideetan malgutasuna bermatzea da eta lanbide-trantsizioak ahalbidetzea.
- Prestakuntza-eredua eraldatzea, guztiek kualifikazio-maila bat lortzeko. Etengabeko lan-prestakuntzaren eskaintza berrikusiko da, beharretara egokitutako eskaintza kolektibo bat egiteko.
- Politikak lurraldeetako errealitatera egokitzea.
- Etorkizuna prestatzeko prospektiba-tresnak izatea.