Datozen ekainaren 6 eta 7an Hendaian iraganen dira mugaz gaindiko jardunaldiak. Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak eta CARSAT Aquitaine erakundeak antolatzen dituzten jardunaldiek mugaren alde batean edo bestean jadanik lan egiten edo lan egitea pentsatzen duten pertsonak dituzte helburu.
Akitanian bizi zara eta Euskadin edo Nafarroan egiten duzu lan, edo alderantziz? Herrialde bizilagunean bizitzeko edo lan egiteko asmoa duzu? Hala bada, galderak dituzu gaixotasun asegurantza, zerga-sistema, familia zerbitzua, erretiroa, langabezia, lan bilaketa edo lan eskubideen inguruan? Hiru eskualdeetako adituek zure galderei erantzungo diete Euroeskualdeak eta CARSAT Akitania-k antolatutako Mugaz gaindiko Informazio egunetan osteguna eta ostiralean, ekainak 6 eta 7an.
Jardunaldi hauek jende ororentzat irekiak daude eta ez dago hitzordua hartzeko beharrik, Hendaiako (Lapurdi) ABEN Euroeskualdearen egoitzan. Bisitariek mugaz gaindiko lanaren berezitasunez argibideak jaso eta adituekin trukatzeko aukera izango dute: zerga sistema, lan-zuzenbidea, erretreta, gizarte segurantza, eta abar.
Osteguna, 2019ko ekainaren 6ean, 09:30 – 13:00 eta 14:30 – 17:00
Ostirala 2019ko ekainaren 7an, 09:30 – 13:00
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa LLET-aren egoitzan
Leku Eder karrika 18, Joncaux industrialdea – 64700 Hendaia
Denei irekia
Zergak, enplegua, erretreta, osasun segurantza, familia laguntzak…
Jardunaldi hauen helburua da, mugaz beste aldera bizitzera edo lan egitera joateak langilearentzat eta bere familiarentzat eragin ditzakeen ondorioez informazioa ematea. Horretarako honako arloak izanen ditugu aipagai (gizarte segurantza, familia laguntzak, zerga sistema), norberak bere egoerari doakion edo doakiokeen eskubiderik gal ez ditzan eta bere betebeharrez jabetu dadin.
Leku bakar batean, bisitariek Gipuzkoa eta Nafarroako zerga administrazioetako eta frantziar Finantza Publikoetako Zuzendaritza Nagusiko adituak izango dituzte argibideak emateko.
Halaber, Lanbideko (Euskadi), Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eta Pôle Emploi-ko (Akitania-Berria) langileek enplegua, lanbide formakuntza eta langabeziari buruzko argibideak emango dituzte.
Azkenik, gizarte segurantza, osasun segurantza, erretreta eta familia laguntza prestazioei erantzuteko hor izango ditugu, INSS (Instituto Nacional de la Seguridad Social) eta frantziar administrazioko zerbitzuak: la CARSAT Aquitaine (Erretreta eta Laneko Osasunaren Segurantza), CPAM (Osasun segurantza), l’URSSAF (Langileen kotizazioak jasotzen dituen erakundea) eta CAF (Familia Laguntzen Kutxa).