Hemendik aurrera, mugaz gaindiko lanari buruzko webgunea martxan egongo da

Webgune horrek informazio erabilgarri guztia biltzen du eta beste lurralde bateko lan-aukerei, eskubideei eta betebeharrei buruz informatzea ahalbidetuko du.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak mugaz gaindiko lanari buruzko webgune berria abiarazi du. Hemendik aurrera, euroeskualdeak euskara, espainiera eta frantsesezko webgune hirueleduna izango du.

Informazio ataria

Webgune horrek mugaldeko langileei eta enpresei Akitania Berrian, Euskadin eta Nafarroan beren eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa nola aurki dezaketen adierazten die. Informazioa mota askotakoa izan daiteke, baina, bereziki, honako gaiekin lotuta dago: gizarte-segurantza, lan-eskubideak, fiskalitatea, izapide administratiboak…

Herrialde batean lan egin eta beste batean bizitzeak ondorioak izan ditzake mugaldeko langileen egoera sozialean eta fiskalitatean. Gaur egun, enpresariek eta langileek ez dituzte garbi ikusten ondorio horiek edo, aitzitik, beren egoera pertsonalari buruzko kezkak sortzen zaizkie.

Webgune berria mugaldeko (etorkizuneko) langileek mugaren bestaldean lan egitearekin lotutako hainbat gairi buruzko ikuspegi orokorra eta alderdi garrantzitsuak kontsultatu ahal izateko online-abiapuntu bat da.

Sarbide optimizatua

Grafismoa, nabigazio arina, webgunea plataforma askotan irakurgarri ahal izateko birplanteatutako ergonomia, menu nagusi batetik abiatutako zuhaitz-egitura mugatua; webgune honetako osagai guztiak informazioa azkar eta erraz eskuratu ahal izateko pentsatuta daude. Diseinu moldagarriari esker, webgunea gailu mugikorren eskakizunetara egokituta dago.

Webgunea hainbat ataletan banatuta dago, bai langile edo lan-eskatzaileek bai enpresariek mugaz gaindiko merkatuaren aukerei buruzko informazioa errazago eskuratzeko eta ikusteko.

Europako EMPLEO proiektuaren ekintza nagusia

Proiektu hau hainbat gobernu-erakunderen arteko elkarlan estutik jaio da eta abian jartzea Europako EMPLEO egitasmoaren ekintza zehatzetako bat da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren % 65 inguru finantzatu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (2014-2020rako POCTEFA). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.

Mugaz haraindiko aktoreen lehen mintegia.

Mintegi horren antolaketa EMPLEO europar proiektuaren bigarren etapa da.

2017ko martxoan abiatu zen Empleo AE proiektua. Bere nahia enplegu alorrean hiru eskualdeen arteko harremanak erraztea eta Euroeskualdeko enplegu arro bat garatzea da. Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtseko (EGEF/FEDER) diru laguntza eskuratu zuen, Interreg V-A Espainia, Frantzia, Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez.

Mugaz gaindiko enpleguaren eragileen lehen lan mintegia Hendaian egin zen 2018ko ekainaren 21 eta 22an. Mintegira hurbildu ziren hiru eskualdeetako (Euskadi, Nafarroa eta Akitania-Berria) mugaz gaindiko enpleguaren eragileak.

Eragile hauek helburu batekin bildu ziren: epe luzeko lankidetza azkarragoa bideratu, praktikak harmonizatzeko eta mugaz gaindiko langileek bete behar dituzten administrazio betekizunak ulergarriago egiteko.

Mugaz gaindiko enpleguaren eragile guztiekin topatu, denei hitza eman, arretaz entzuteko eta beharrak ulertzeko denbora hartu, mugaz gaindiko mugikortasuna garatzeko hausnarketa bideak jorratu, ideia onak bildu, langile, langabetu eta enpresen beharrak ezagutu.

Mahai-inguru batean eragileek honako gaiez gogoetatu zuten:

  • Mugaz gaindiko langilearen estatutua
  • Aplikatzen zaion lan eskubidea (kontratuak, kanpo zerbitzaldian dauden langileak, lan baldintzak)
  • Fiskalitatea/zerga sistema (errenta aitorpena, zerga atxikipena, langileen eta nagusien aitorpenak)
  • Gizarte-babesa (diruzko prestazioak, osasun-artak, langabezia, erretreta…)
  • Familia laguntzak
  • Enplegu zerbitzuak (eskaera eta eskaintzen kudeaketa, EURES sarea, laguntza prestazioak…)

Mintegiak argi utzi zuen mugaz gaindiko eragileen sare bat osatzeko beharra, mugaz gaindiko enpleguaren garapena laguntzeko. Azpimarratu zituen baita ere administrazioetako langileek mugaz gaindiko lanaren alorrean dituzten oztopoak kentzeko premia.

3.863 pertsonak zeharkatzen dute muga lan egiteko

POCTEFA EMPLEO egitasmoaren barruan egindako azterketak mugaz gaindiko enplegu-eremuari buruzko balantzea barne hartzen du.

Mugaz gaindiko enpleguarekin lotutako problematikak hobeto ulertzen eta langileen mugikortasuna eta euroeskualdeko eragile ekonomikoen arteko lankidetza bultzatzeko irtenbideak zirriborratzen lagundu du.

Guztira 3.863 pertsonak zeharkatzen dute egunero muga, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean lan egiteko; horietatik gehientsuenak Frantziako mugaldeko herrietan bizi arren Gipuzkoan lan egiten jarraitzen duten herritar espainiarrak dira. Horixe da Europako EMPLEO egitasmoaren barruan euroeskualdeko mugaz gaindiko lanari buruz egindako lehen azterketa diagnostikoko emaitzetako bat.
Hala, azterketan baieztatzen denez, higiezinen merkatua funtsezko faktorea izan da hegoaldeko langileak iparraldera lekualdatzeko; izan ere, duela hamarkada batetik, Frantzian metro koadroa askoz ere merkeagoa zenez Espainian baino, mugaldeko herritar askok bizilekua aldatu eta Frantziara joatea erabaki dute, nahiz eta lanpostuari eutsi –gehienek Gipuzkoan–. Gaur egun, prezioaren faktorea desagertu egin da.

Mugaz gaindiko enpleguaren erradiografia

Azterketaren helburua mugaz gaindiko enpleguaren gaur egungo egoeraren erradiografia egitea zen. Azterketaren ondorioetatik honako alderdi hauek azpimarratu daitezke:

  • Mugaz gaindiko enpleguaren fluxuak askoz ere ahulagoak dira Euroeskualdean EBko beste muga batzuetan baino. Azken horietan, lanera herrialde batetik bestera doazen pertsonen kopurua askoz handiagoa da, adibidez, Frantzia eta Suitzaren arteko mugan (170.000tik gora lagun), Italia eta Suitzaren artekoan (100.000tik gora lagun) eta Frantzia eta Alemaniaren artekoan (46.000tik gora lagun).
  • Euroeskualdeko mugaz gaindiko langilearen profila honakoa da: autonomoa, zerbitzuen sektoreko langilea edo administrazio publikokoa.
  • Akitania Berria-Euskadi-Nafarroako mugaz gaindiko langileen zailtasun nagusiak fiskalitatea eta garraioa dira.
  • Euroeskualdeko biztanleen prestakuntza Europako batezbestekoarena baino handiagoa da, eta ondorioz, kalitate handiagoko lanpostu bat lortzeko gai da.
  • Langileen fluxua handitzeko oztopo nagusietako bat hizkuntza da.

Osagarritasunak

Mugaz gaindiko enpleguaren erradiografia egiteaz gain, EMPLEO egitasmoaren helburua hiru eskualdeen artean lan-eremu sendo bat garatzeko zailtasun nagusiak, indarguneak eta osagarritasunak antzematea da, eta azken buruan, enplegu-eremu hori sustatzeko gomendio sorta bat ematea. Datozen 8 urteetan enpleguaren hazkunde-perspektibak % 5 eta % 9 artekoak dira hiru eskualdeetan. Eskualdeek, gainera, elkarrekin partekatu ditzaketen eskualde-mailako berrikuntza-estrategiak dituzte. Era berean, jarduera-eremu eta -sektore batzuk apustu partekatu bihur daitezke, adibidez: ekoizpen aurreratua, energia berriztagarriak, osasuna, nekazaritza eta elikadura sektorea eta sorkuntza-industriak.

Gomendioak

Azterketak honako gomendio hauek aurreratu ditu, etorkizuneko enpleguari begira hobetzeko eta mugaz gaindiko egoerari etekina ateratzeko:

  • «Aldameneko» hizkuntza ikastea.
  • «Beste aldeko» lan-aukerei buruz informatzea.
  • Mugaz gaindiko langileei laguntza administratiboa edo fiskala ematea.
  • Mugaz gaindiko langileen eta prestakuntza-erakundeen arteko harreman-sistemak sortzea.
  • Mugaz gaindiko lan-merkatuaren inguruko informazio estatistikoa eskura jartzea eta hobetzea.
  • Administrazioentzako hizkuntza-ikastaroak egitea.

Euroeskualdeko plan estrategikoaren ekintza-ildoa, ELGEk kofinantzatua.

Azterketa hori «Euroeskualdeko lan-eremuaren garapena sustatzea» helburu duen Euroeskualdeko 2014-2020rako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren % 65 inguru finantzatu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (2014-2020rako POCTEFA). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.